XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itzaurrea

SORIAKO erri bat da Agreda, Gaztelako ertz batean dagoana, Aragoitik gertu, Naparroatik ere ez oso urruti, Moncayo mendiaren oiñetan eta babesean.

Oso moja ospetsua izan zan bertan XVII mendean, Maria izenekoa, bertan 1602-an jaioa, eta bertan 1665-ean illa, bein ere bere jaioterriaren mugetatik atera etzana.

Beraren gurasoak Francisco Coronel eta Catalina Arana izan ziran.

Bizkaitik zetorren onen jatorria. Amaika seme-alaba izan zituzten, oietako zazpi umetan illak.

Besteak: Francisco, Jose, Maria eta Jeronima.

Mariak amasei urte zituala, 1618-an alegia, erabaki berezia artu zuan familiak: gizonezkoak fraile frantziskotar egin zitezela, eta emakumezkoak moja, etxea konbentua biurturik, Orden de la Inmaculada Concepción izenekoaren azpian.

Concepcionistas alegia, frantziskotarrak, beraz, eta oiñutsetakoak.

Sor Mariak 1620-an egin zituan bere ziñak, emezortzi urterekin.

Andik laster, éxtasis eta orrelako grazi bereziak azaltzen asi zan, batez ere Jauna artu ondorenean.

Ala, jende asko etortzen zan ura era ortan ikustera.

Baiña berak etzuan iñoren ikuskizun biurtzerik nai; eta ori moztea eskatu zion zeruari. Bai lortu ere.

Ogei ta bost urte bete gabe, 1627-an, abadesa egin zuten; eta, iru urtean izan ezik, eta ori berak eskatu zualako, kargu edo karga ori berarentzat izan zan il arte, bere mendeko mojak aukeratuta.

Kargu ortan jarri bezin laster, komentu berria egiten asi zan, baita eliza ere, poltsan ongille batek emandako eun erreal besterik etzituala; eta etxe zaarretik berrira andik zazpi urtera aldatu ziran mojak, 1633-an.